Arrigorriagako Udalak eta ADECKAk, udalerriko merkatarien elkarteak, sustatuta, bihar bertan hasiko da Pintxo Lehiaketaren bigarren edizioa. Aurtengoan ostalaritzako 14 establezimenduk parte hartuko dute, eta miniaturan egindako goi-mailako sukaldaritzaren alorrean duten talentua erakutsiko dute jaieguna den azaroaren 1ean hasi eta azaroko asteburu guztietan zehar.

Establezimendu horiek egiten dituzten sukaldaritza-proposamenetatik irtengo da bigarren pintxo irabazlea, Mesón Aiensaren erreleboa hartuko duena. Hala ere, ekimenean ez da hori bakarrik egingo; izan ere, herritarren parte-hartzeagatik ere sariak banatuko dira. Parte-hartzen duten lokaletan eta ADECKAko saltoki bazkideetan, hamar zigilurentzako tokia izango duten txartelak egongo dira eskuragarri. Txapelketak iraun bitartean, txarteletan saltokietako lau zigilu eta ostalaritza-establezimenduetako sei jarriz gero, sari ikaragarriz betetako zozketan parte hartzeko aukera egongo da.

Lehenengo saria 500 euro erosketa-baleetan eta bi pertsonentzako asteburua izango da; bigarrena 300 euro eta bi pertsonentzako asteburu bat; hirugarren zein laugarren sarien irabazleek bi pertsonentzako abentura anitzeko sorta bat jasoko dute, eta bosgarren saria kontsolazio-saria izango da. Hala, osatu gabe dauden txartel guztien artean zozketa bat egingo da, eta irabazleak bi pertsonentzako asteburu bat irabaziko du. 

Sariak, bai II. Pintxo Lehiaketa irabazi duten establezimenduenak bai zigiluekin betetako txartelen zozketarenak, abenduaren 3an emango dira, udaletxeko osoko bilkuraren aretoan, 14:00etan. Zozketan ematen diren sariak zozketa egin eta hurrengo 15 egunetan jaso beharko dira.